You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK
Babeslea: Babesle: BBK
Babeslea: Babesle: BBK

Proiektuek

Bilatzailea

Seinale ona

Amaña Ikastetxeko 6. mailako 23 ikasle, Eibar 
Irakaslea: Iosune Arratibel
Artista: Manu Muniategiandikoetxea

Artistak komunikazioaren kontzeptua planteatu du artearen ikuspuntutik, eta azaldu du prozesu artistikoa, oinarrian, komunikazio prozesua ere badela, artelana ikusgai ipini eta ikusleak jasotzen duenean gauzatzen dena. 

Komunikazioaren oinarrizko elementuen ikaskuntzatik abiatuta —igorlea, hartzailea, kanalak…—, ikasleek euren sen kritikoa garatu dute, inguratzen dituzten seinaleen analisiaren bidez. Ikasleek eskuragarri dituzten komunikazio-sistema anitzak esploratu dituzte: ahozko hizkuntza, trafiko seinaleak, kode nautikoa, zeinu-hizkuntza…; eta horiek guztiak bezain eraginkorrak diren informazioa igortzeko beste erak asmatzeko aukera planteatzera iritsi dira. 

Inguruari, kartelei, seinaleei eta oso bestelakoak diren kodeei argazkiak atera dizkiete. Horrela, tipologiak identifikatu eta komunikazio kode berriak eta dibertigarriak asmatu dituzte, aurretik existitzen diren elementuak berrantolatuta.

“Proiektu honetarako bost taldetan zatitu gara. Hasieran, hitzak aparrez sortu genituen. Ondoren, lehenengo taldeak margotu zituen spray pinturarekin. Bigarrenak letrekin kode bat sortu zuen. Hirugarren taldeak seinaleak marraztu zituen aparrez. Laugarrenak hiri-izenak idatzi zituen eta azkenak, berriz, itsas seinale anitz asmatu zituen”.

— Amaña ikastetxeko haurrek

Irudi galeria

Ekosistema gelan

Judimendi Ikastolako 5. mailako 24 ikasle, Gasteiz 
Irakaslea: Jon Etxebeste
Artista: Iñaki Gracenea 

Proiektu honen abiapuntua ekosistemen eta lurrean dagoen bizitza-aniztasun handiaren ikasketa da. Pinturaren eta collagearen bidez, habitat desberdinak plastikoki nola irudikatu bilatu dugu, baita bertan bizi diren organismo desberdinak ere. Paisaiak, hirikoak zein naturakoak, eremu figuratiboaren eta abstraktuaren artean mugitzen diren mural kolektibo handietan irudikatu dira. Ingurua eta bere biztanleak modu artistikoan irudikatzerakoan, kolore desberdinak nahastu dira, eredu geometrikoak eta forma organikoak nahastuta, eta pixelatutako marrazkiak eta bloke geometrikoak erabili dira. 

Gela bera ekosistema txiki bat da, inguru fisiko bat partekatzen duen komunitate anitza, non pertsona desberdinak elkar eraginean dauden. Hori kontuan hartuta, bere osagai desberdinen arteko harremanak aztertu, eta elkarbizitzarekin lotutako gai desberdinak adierazi dira, ikuspuntu desberdin batetik. Geure burua eta besteak ikusten ikasi dugu, nolakoak garen, nola hartzen dugun parte taldean eta gizakien jarduerek zein garrantzia duten taldearen barruan.

“Aurten, Artea ikasbide programan, lehendabizi, ekosistemei buruzko gaia landu dugu ikuspuntu orokor batetik eta, ondoren, gela aztertu dugu, gure ekosistema berezi eta bakar gisa. Horrela, merezi duten garrantzia eta balioa eman diegu harremanei eta hartzen ditugun rolei, txikia baina garrantzitsua den gure ekosistemaren baitan, alegia, gelan. Ikasleentzako nobedade gisa, modu manipulatiboan lan egin dugu, guztien interesa piztea lortu duen ikuspegi batekin. Ahalegindu dira, ondo pasa dute, baina, batez ere, bakoitzak neurri berean egin dio ekarpena lanari, norberaren ikasketa maila edozein izanda ere”. 

—Jon Etxebeste, taldearen irakaslea

Irudi galeria

Hiri-kodeak

Aranbizkarra ikastetxeko 4. mailako 20 ikasle, Gasteiz 
Irakaslea: Iñaki Fernandez
Artista: Jorge Rubio

Ikastaroaren hasieran aztertu genituen alfabeto desberdinetako letra-formen adierazpen-aukerak, armonia, oreka eta ordena; eta horiekin esperimentatu genuen. Gertuko inguruan, ikasleek letrak aurkitzen dituzte grafiti eta tag edo sinaduretan. Kaleko arteak aukera anitz eskaintzen dizkie ikasleei: esaterako, espazio publikoan modu artistikoan esku-hartzeko aukera, oinezkoa harritzeko helburuarekin. Horrela, sorkuntza prozesuak berak duen garrantzia egiaztatu dute, edozein esku-hartze desagertzera kondenatuta baitago. Hiri-artea galkorra da: kaleko sorkuntzan, garrantzitsuena jarduera da, eta ez amaierako objektua, hura erosioaren, bandalismoaren etab. esku geratzen baita. Horrela, ikasleek euren inguruko objektu bizigabeei “bizitza emateko” modu desberdinak asmatzen dituzte eta, laburbilduz, hiriaren testuinguruan inguratzen gaituzten objektu eta gertakarien gaineko begirada desberdina eta dibertigarria ekartzen digute. Argazkiak atertzen ikasi dute, eskala eta ikuspuntua aldatzen, txantiloiak egiten, baina batez ere, inguruari beste modu batera begiratzen.

“Aurten, oinarri-oinarrizkoaren sorkuntzatik abiatuta (alfabetoak), gure helburua izan da elkarrekin komunikatzea, adieraztea, pluraltasuna eta desberdintasuna ulertzea, baita hizkuntza eta lengoaia desberdinen existentzia ere; zeinu berdina erabiltzeko dauden modu desberdinak ezagutu ditugu; magnitude, intentsitate, asmo, nahi, gaitasun, eraketa… desberdinak; kontuan izanik denak balio duela, eta denetik ikasten dela”. 

—Jorge Rubio, artista

Irudi galeria

Okupatutako espazioa

Ondarreta Ikastetxeko 2. mailako 32 ikasle, Andoain 
Irakaslea: Maxux Eceiza
Artista: Maider López

Zenbat okupatzen dugu denok elkarrekin? Nola erlazionatzen gara gure inguruarekin eta elkarren artean? Gure arteko zenbat lagun behar ditugu mahaiaren tartea okupatzeko? Eta atearen, eskaileren eta futbol zelaiko eremua hartzeko? Batzuk besteetara eta espaziora egokitzen gara, eta normalean arreta gehiegirik eskaintzen ez diegun lekuak okupatzen ditugu. Espazioak eta pertsonak: espazioak betetzen ditugu gure gorputzekin eta elkarbizitza lantzen dugu batzuk besteekin kolaboratzean; talde bateko kideak gara; bereizitako hainbat norbanakoek osotasun bat eratzen dugu, gutako bakoitzaren beharra duena. 

Inguruarekin eta gelakideekin erlazionatzeko era desberdinak bilatu ditugu. Nola dago antolatuta gela? Bere funtzionalitatearengatik da? Horri esker gelak hobeto funtzionatzen al du? Bere konfigurazioak nola baldintzatzen gaitu mugitzerakoan eta erlazionatzerakoan? Funtzionalitatetik haratago, espazioaren banaketa desberdina egin genezake? Zer gertatuko da aulkia mahai gainean badago edo, aulkian eseri ordez, mahaian esertzen bagara eta aulkiari eusten badiogu? Zer gertatzen da bakoitza gure mahaira igotzen bagara eta gero denok mahai bakar batean egoten saiatzen bagara? Nola erlazionatzen gara kasu bakoitzean? Denon lankidetza eta koordinazioa behar dituzten dinamika dibertigarriak eta sortzaileak antolatu ditugu; elkarrekin egin dugu lan gelako egunerokotasuna eraldatu duten ezusteko egoeretan.

“Esperientzia oso interesgarria izan da niretzat. Burututako ariketak oso aberasgarriak iruditu zaizkit ikasleentzat. Oso ondo etorri zaizkie espazioaren kontzeptua ulertzen laguntzeko eta ikasleek bere gorputzaren kontzientzia areagotzeko”.

—Maxux Eceiza, taldearen irakaslea

Espacio ocupado 8

Irudi galeria

Begirada anitz

Markonzaga Ikastetxeko 2. mailako 22 ikasle, Sestao 
Irakaslea: Leire Pinedo
Artista: Naia del Castillo 

Munduko alde desberdinetan kokatutako estudioetan lan egiten duten artisten bideoak ikusteko jarduera abiapuntu hartuta, ikasleek aniztasunaren kontzeptua ezagutu dute, eta hainbat galdera sortu dira artista bakoitzak sortzen duen testuinguruari buruz, edo horien artean dauden aldeei buruz, adinari, ezaugarri fisikoei, jatorriari edo generoari dagokienez. 

Ariketa batean, gelakide baten erretratua egin behar zuten ikasleek: bere begien formari, ileari, etab. erreparatzea. Ondoren, ikasleek ariketatik ateratako erretratuak fotokopiatu eta zatitu dituzte, zati desberdinak nahastuz aurpegi berriak osatzeko, ispilu kartoi mehe baten gainean. Azkenik, aurpegia bera ispiluan islatu dute, baina gainontzeko gelakideen aurpegi zatiekin nahastuta. Ariketa honek galdera bat planteatu du: “Ze kolorekoa da larruazala?”. Angelica Dass eta haren 3.000 larruazal baino gehiagoko Pantone-a izan dute inspirazio iturri, bakoitzaren eskuen aniztasunari argazkiak ateratzeko eta “Pantone” izenburudun liburu bat sortzeko 17 tonu desberdineko eskuekin; ondoren, tonu horiek pintura eta eskulturetan adierazi dira. 

Ikasleek performance eta jolasak egin dituzte aurkako bi ideia azaltzeko: lankidetza eta arbuioa. Mundua ezin da ikuspegi bakar batetik behatu, ikuspegi anitzetatik baizik. Orri bat hartu eta begien aurrean ipintzen baduzu, ez duzu orria ez den besterik ikusiko. Zulotxo bat irekitzen baduzu, paperean zehar ikusiko duzu eta, zulotxo asko irekitzen badituzu, zure aurrean dagoenaren pertzepzio osatuago bat izango duzu. Ikasle bakoitzak kataloxa itxurako eskultura bat sortu du; denak batuz gero, ikuspegi zabalagoa lortuko dugu.

“Aurten, Sestaoko Markonzaga ikastetxeko bigarren mailako haurrek eta Leire irakasleak, euren gogoarekin eta arretarekin, lan giro ezin hobea sortzeko aukera eman didate, eta ariketak, jolasak eta artista desberdinen obrari buruzko gogoetak uztartu ditugu, besteak beste: Vermeer, Marina Abramovich, Mark Rothko edo Angelica Dass. Horrela, pixkanaka ikastetxeak garatu nahi zuen kontzeptua argitzen joan gara: kultura-aniztasuna”.

—Naia del Castillo, artista


Irudi galeria

Robota eta mamua

La Arboleda ikastetxeko 6. mailako 19 ikasle, Trapagaran 
Irakasleak: Mª Begoña Pasarín eta Ana Mª Vega Igelmo
Artista: Elssie Ansareo 

Zer da mitologia? Zer da pertsonaia mitologiko bat? Zeintzuk dira bere ezaugarriak? Figura horien atzean dauden istorioak eta euren balio sinbolikoa aztertu eta eztabaidatu dituzte. Eta ikasleei euren protagonista propioak sortzeko gonbita luzatu die artistak. Denen artean, pertsonaiak adostu eta hautatu dituzte: mamu bat eta robot bat; eta euren berezitasunak imajinatu dituzte, baita pertsonaia guztiak elkarrekin lotzen dituen kondaira bat ere. 

Pertsonaiak sortzeko hainbat jolas planteatu dira: marrazketa automatikoa sortzen hasteko erreminta gisa, ezagutzen dugunaren transformazio ludikoa eta elementu desberdinen nahasketa, hibridoak edo animalia fantastikoak edo eraketa berriak sortzeko figura geometrikoetatik abiatuta. Zirriborroak egin dira pertsonaia horiek nolakoak izan zitezkeen irudikatzeko eta burutu diren ia 50 horietatik 2 hautatu dira. Aukeratutako pertsonaiak dimentsio handiko instalazio batean gauzatu dira.

“Robota sortzerakoan gozatu dut gehien tailerretan. Egiten dugun guztia izugarri gustatzen zait, gauzak asmatzen ikasi dudalako, esaterako, robot bat eta mamu bat, bere ezaugarri guztiekin eta istorioarekin. Ramón Robotari tenis eta pokerrean jokatzea gustatzen zaio, etxeak egitea, gaztelu batean bizi da eta sevillanak dantzatzen ditu; gainera, mamuaren lagun mina da. Robota Txinan bizi da eta mamua, berriz, La Arboledan”.

—La Arboleda ikastetxeko haurrak


Irudi galeria

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean